Etxerako bidea geroz eta gertuago dagoen arren, oraindik ere etxeratzearen aldeko aldarrikapena egiteko beharra dago eta pausoz pauso egingo dugu aldarrikapen hori abenduaren 31n. Haurren eta helduen lasterketa egongo da.
Zergatik jarraitzen dugu Etxera lasterketa antolatzen?
Konponbiderako giltzak behar ditugulako, zauriak itxi eta konponbideari ateak zabaltzeko giltzak, hain zuzen ere. Ezinbestekoa da euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbidea ematea. Eta oraindik euskal presoen eskubideek urratuta jarraitzen dutela ikusten dugu. Joanes Larretxea eta Juan Mari Inziarte herriko euskal presoen eskubideak ere urratuta jarraitzen dute, salbuespenezko legedia ezartzen baitzaie.
Joanesek legedi arrunta aplikatuz gero, baimenekin etxean egon beharko luke dagoeneko eta hirugarren gradua eskatzeko aukera ere izango luke. Juan Marik, ordea, kalean behar luke hirugarren graduan. Eta biei salbuespen legedia aplikatzen dietenez, Martutenen daude.
Eta espetxe politika ezartzen duten estatuetan eragiteko gizartea aktibatu behar dugu, guztion inplikazioa eta aktibazioa bultzatu behar dugu. Eta herriko korrikalariak, horixe egingo dugu, dakigun horretatik gizartean egoera ezagutarazteko eta elkartasun pausuak emateko lasterketa antolatu.
Lasterketaren eguneko egitaraua
Urtero bezala 9:30eatik 10:30eara udaletxeko kontsejupean egongo gara dortsalak banatzen. Oraindik dortsalak libre baleude, bertan ere salduko ditugu.
10:30ean haurren lasterketa izango da.
11:00etan helduen lasterketa abiatuko da.
Lasterketa amaitzean sari banaketa egingo da Oiartzungo plazan.
Ez da giroa faltako Oiartzungo plazan. Izan ere, hau lasterketa bat baino askoz gehiago baita.
Izen-ematea
Izena aurrez egitea eskertuko da, lana errazteko. Horretarako www.herrrikosa.eus webgunean sartu behar da. Abenduaren 29a arte 8€an eskuratu ahal izango da dortsala. Egunean bertan soberan dauden dortsalak 12€an jarriko dira. Haurren lasterketako izen-ematea egunean bertan egingo da eta doakoa da.