Saltatu eta joan eduki nagusira

Ibilbidea ezagutzeko irakurri kronika hau

Eguna gerturatzen ari da, eta gorputza ez ezik burua ere prestatzen joateko unea iritsi da:


Abenduaren 27a, goizeko 10:30ak. Urteko azken igandea, eta Oiartzungo plaza gainezka. Haur eta gaztetxoak hasi dira korrika, plaza inguruko ibilbide laburrean barrena lehenengo elkartasun pausoak emanez, gainontzekoek beroketa ariketak egiten ditugun bitartean. Itxura ona du gaurkoak. Haurrak, gazteak, helduak... Korrikalariak, boluntarioak... Eta irribarreak. Irribarre asko. Gaurkoa festa eguna da.

Bost minutu hamaiketarako, eta dena prest. Txalaparta, hitz batzuk, suziria... bagoaz! Plazatik irten eta Aialde kaletik behera abiatu gara, denak elkarrekin, gaurkoa lasterketa bat baino gehiago dela dakienaren emozioarekin. Ibargain Musika Eskolaren parean ezkerretara hartu eta Bidegaina kaleko kaxko txikia igo ondoren, ia-ia Fortaleza arterainoko malda beherari ekin diogu. Lasterketa hasiera izanik eta beherantz, gorputzak azkarrago joateko eskatzen digu. Buruak, ordea, agian indar hori bukaeran behar izango dugula gogoratzen digu tarteka. Bien arteko oreka bilatzen saiatuko gara, aurrerago izango dugu-eta estutzeko denbora.

Iritsi gara Fortalezara eta, eskuinetara Zokolo bidea hartu ondoren, malda behera bukatu dela ohartu gara segituan. Norberak bere erritmoa hartu eta horri eusteko garaia da, zalantzarik gabe. Bagoaz Zokolo bidean aurrera, zeharkatu dugu Altzibar auzoa eta, ohartu garenerako, bidean topatutako auzotarren animo oihuek bultzatuta, Iturriotz auzoan sartu gara, Araneder utzi eta Bidezarra bidea hartuz. Orain arte erraz, gustura egin dugu ibilbidearen erdia.

Bidezarran aurrera egin eta berriz ere Araneder bidea hartuta, Ibarre agurtu eta dagoeneko Matteora joan zaigu burua, errepidea gorantz egiten hasiko dela jakitun. Eta hasi da. Rafael Pikabeak berak ere ez zukeen hainbeste oiartzuar korrika imajinatuko. Arnasa ongi hartu, indarrak neurtu eta, askok esan ohitu duen bezala, orain hasi benetako lasterketa. Batzuk erritmoa igo eta indartsu iritsi dira Tolaita ingurura; beste batzuek, ordea, nahiko lan izan dute erritmoa mantentzen; gutxi batzuek aurretik egindako indar erakustaldia gogoratu dute, mingaina kanpoan dutela. Baina behin bertara iritsita, gorputzari atsedenaldi txiki bat emateko aukera izan dugu, Elorrondo kalean barrena Belutene azpiko biribilgunera iritsi garen arte.

Eta hona iritsi bagara, iritsi gara helmugara ere. Azkarrago edo motelago, ez baitago Arraskularre eta Aialde kaleetan pilatutako hainbeste jenderen animoekin plazara iritsiko ez denik. Tourmalet bera igotzen ariko bagina bezala sentituz, azken indar hondarrak erabili ditugu plazan irribarretsu sartzeko. Ikaragarria izan da, hunkigarria. Ez dakigu nor iritsi den lehenengo postuan eta, egia esan, ez zaigu gehiegi axola. Gaur, urtero bezala, elkartasunak irabazi du.

Blog honetako argitalpen ezagunak

Abenduaren 31n Etxera Lasterketa Oiartzunen

Etxerako bidea geroz eta gertuago dagoen arren, oraindik ere etxeratzearen aldeko aldarrikapena egiteko beharra dago eta pausoz pauso egingo dugu aldarrikapen hori abenduaren 31n. Haurren eta helduen lasterketa egongo da. Zergatik jarraitzen dugu Etxera lasterketa antolatzen?  Konponbiderako giltzak behar ditugulako, zauriak itxi eta konponbideari ateak zabaltzeko giltzak, hain zuzen ere. Ezinbestekoa da euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbidea ematea. Eta oraindik euskal presoen eskubideek urratuta jarraitzen dutela ikusten dugu. Joanes Larretxea eta Juan Mari Inziarte herriko euskal presoen eskubideak ere urratuta jarraitzen dute, salbuespenezko legedia ezartzen baitzaie.  Joanesek legedi arrunta aplikatuz gero, baimenekin etxean egon beharko luke dagoeneko eta hirugarren gradua eskatzeko aukera ere izango luke. Juan Marik, ordea, kalean behar luke hirugarren graduan. Eta biei salbuespen legedia aplikatzen dietenez, Martutenen daude.  Eta espetxe politika ezartzen du

Urtarrilaren 15ean dugu hurrengo zita

 Urtero gabonen inguruan Oiartzunen egiten den lasterketa urtarrilaren 15ean izango da.  Herriko hainbat korrikalarik lasterketa herrikoia antolatu dute beste urte batez ere. Oiartzungo auzoak zeharkatuko dituen lasterketa da. Oiartzungo plazatik abiatuko da eta Ergoien, Altzibar, Iturriotz eta Ugaldetxotik pasa ondoren, berriro plazan bukatuko da 6,6km-ko ibilbidea duen lasterketa.  Ez da lasterketa soila. Bakegintza eta elkarbizitza oinarri hartuta presoen auzia askatzea bultzatzeko ekimena da. Sarek egiten duen herritarren aktibazioaren adibidea da lasterketa hau. Herriko korrikalariek jarritako alea. Joanes etxera bidean jarriko duten pausoak emateko ekarpena.  Haurren lasterketa egingo da 10:30ean, plaza inguruan itzuliak emanez. Adinaren arabera itzuli, bat, bi edo hiru emango dira.  Helduen lasterketa 11:00etan hasiko da. Izena herrikrosa.eus webgunean eman behar da eta 12€ ordaindu beharko dira. Dortsal guztiak ez balira salduko, egunean bertan 18€tan erosteko aukera izango da.

Haur, gazte nahiz zahar, elkartasun pausoak eman ditzagun denok!

Abenduaren 29an Oiartzunen Elkartasun Lasterketa izango da. Herriko hainbat kirolarik antolatzen dugu eta preso eta iheslariengandik urruntzen gaituzten kilometroak elkartasun pausoz bete nahi ditugu.  Larunbatean lasterketaren nondik norakoak aurkeztu genituen: Izen-ematea nola egin, dortsalak noiz jaso, ibilbidea,... Informazio hori blog honetan ere eskuragarri duzue. Hala ere, aipatu nahi dugu lehenbailehen izena ematea komeni dela, lanak errazteko. Gainera, abenduaren 25a baino lehen izena emanez gero 4 euro ordaindu beharko da. Egunean bertan, berriz, 5 euro.    Izena emateko aukera herriko hainbat tabernetan dago aukera: Garmendi txokolategian, Elorsoro kiroldegian, Sorgin-zulo tabernan eta Amazkar tabernan. Bestalde, herrikrossa.com orrialdean internetez izena eman dezakezue. Bestalde, lehengo urteko kamisetarekin etortzea eskatzen dugu. Ez duzuenok, egunean bertan erosteko aukera izango duzue 5 eurotan.  Haurrentzako ere lasterketa izang